Erreala dena, sinbolikoa dena eta metalinguistikoa dena.

Forma | Collage | 53 x 43 cm | 2015

Erreala dena, sinbolikoa dena eta metalinguistikoa dena.
Amanda Cuesta

Idoia Montónen lana antolatzeko eta aztertzeko berealdiko ahalegina egin zuen Rosa Queraltek. Testu multzo baten bitartez, bere ohiko estilo zehatz eta ongi kokatua erabiliz, artistaren obra osatzen duten alderdi guztietara sakontasun osoz hurbildu ahal izateko ordena ezartze eraginkor bezain nahitaezkoa da gaur egun, inondik ere. Material hori pintorearen lehenagoko monografian1 argitaratu zen, eta 2014ra bitarteko haren ibilbidea errepasatzen du. Leku hori apaltasunez jasotzeko ahalegina da honako argitalpen hau, artistaren azken ekoizpenak egoki aurkeztu ahal izateko.

Idoia Montónek etengabe arakatzen ditu bere lanetan pinturaren adierazte-erregistro berezkoak, haren laneko espazioak, lantegiak eta bizitzeko espazioak kokatzen diren testuinguruetako errealitateekin elkarreraginean. Praktika artistikoa munduari begiratzeko eta hura ulertzeko modu bat da beti, eta pintura kode nahiz lege propioak dituen idazkera bat da.

Margolariaren sormen-prozesuak formen jario asketik abiatzen dira, esperimentu formal txikiei ekinez, konplexutasun handiagoko artelanekin bukatzeko adinako indarra duten ideia eta adierazpen-elementuekin. Argitalpen hau aldez aurretik egindako lanen multzo batekin hasi da: ondoren etorriko dena iragartzen duten laborategiko izaki dotoreak dira. Pieza multzo horretako formek, gama kromatikoak, muntatzeko eta collagea osatzeko prozedurek orobat ezagun dute dagoeneko badaukatela orriak pasatzerakoan korapilatzen den zerbait: unibertso bat, non elkarrekin topo egin dezakeen berdin okada baten irudikatze sublimatu abstraktu aski nazkagarriak eta berdin edertasunarekiko lilurak, zeinak gerta ahala gerta bizitzari eusten dion. Hor dago, nolabait, haren begiradaren gakoa, atariko ate aurrean biziz, non irudikatzearen forma garbietan jasotako urradura batek arnasa ematen duen eta sendatu; izan ere, gauzak ordenatzeko eta ulertzeko ahala eskaintzen duen adierazpen-muin bihurtzen baita.

Collage sobre papel | 39 x 29 cm | 2014

Ideia soil eta argiz betetako formatu txiki horietan, Idoia Montónek collageak eskaintzen dituen baliabideekin esperimentatu du; bizkor pentsatzeko prozedura bat da, berehalako lotura zuzenak finkatzekoa, pintatzea errazago bihurtuz eta forma aldetik aurrera egiteko aukera emanez. Uztartutako materialen adierazteko gaitasun berezkoak, prestakuntza eskultorikoan ikasitako baliabideekin, ezingo lirateke beste era batera erreproduzitu. Eta ariketa esperimental horietan azaltzen ikusten dugu, esate baterako, hiriko argazkiak zuzenean txertatzea, aurreko lanetan agertu gabeko elementu bat izanik, adierazpen mailako jauzia dakarrena, bai eta obra klasikoetako zatiak ere. Azkeneko bost urte hauetan, artistak sortutako lan garrantzitsuenetan errepikatutako baliabideak dira, biak ala biak.

Pinturaren historiako erreprodukzioak manipulatzeari esker, aipamen bat erantsi dezake eta piktorikoki zeharkatua izateko aukera zabaldu. Ez naiz eskuratze-mekanismo bati buruz soilik ari, ez da erreferentzia klasiko bat hartu eta beste leku batean kokatzeko keinu postmoderno hutsa. Collagearen bitartez elementu horiek txertatzea eta marraren nahiz keinuaren bidez horietan esku hartzeko aukera, pinturari soilik dagokion adierazpidean, azaleko adierazpen-tresna bihurtu da azkenik. Hala ere, jakina denez, planoari sakontasuna ematen dion geruza metalinguistiko honetan baliokidetzaz eta eraldatzez betetako elkarrizketa kontzeptuala aktibatzen da beste garai batzuekin. Forma eta kontzeptu aldetik planoari sakontasuna emate horretan, antzera jokatzen du argazki urbanoak txertatzeko baliabideak ere, gertatzen dena, gertatzen ari zaiguna, irudikatzeko mekanismo gisa hartuta.

Rosa Queraltek aurreko monografiako kapituluetako batzuei jarri zizkien izenburuek durundi egiten didate poetikoki nire baitan: “Plano izaeratik espazioaren ideia berritu bat jaiotzen da: errealitatea zatien bitartez irudikatzea. Artea eta bizia izate berean batzen dira. Erretratua arrazoibide bezala, hizkuntza moduan eta zeinu-sistema gisa. Errealismo terminoak askotariko esanahiak dauzka bere horretan. Tailerreko bodegoiak barnera begirako ariketa bezala”… Gauza asko gertatzen dira Idoia Montónek 2014az geroztik ekoitzi dituen formatu txikietan. Eboluzio formalak, dagoeneko aipatu ditugunen modukoak, baina baita honako hauei dagokienean ere: erretratua zeinu-sistema gisa eta tipologia berri abstraktuago eta generikoagoak txertatzea. Tipologia horiek aski konplexuak dira, kontzentrazio handiz jorratuak eta errealismoa irakurketa pluraleko espazio moduan hartzen duen ideiarekiko leialak. Pinturari gu eraman gaitzan uzteko jardunbide honetan, uneren batean hainbat munstro-aurpegi agertzen hasten dira, eta besteak beste gerrari buruzko pinturetan azken baterako protagonismo handia hartuko dute. Erretratu horiek, pertsonaia errealekin lotu gabeko zeinuen sistema bezala, arketipikoaren sinbolismoa izatera iristen dira, hala nola Puber edo El rapto de las sabinas III lanetan.

Collage sobre papel | 33 x 47,5 cm | 2014

Betiko gerra, era masiboan suntsitzeko gaitasuna duen zibilizazio baten izugarrikeria, asmo bakartzat hartuta baliabideak, boterea eta aintza eskuratzea. Honako hau nire irakurketa da soilik, baina gerraren inguruko seriea artistaren ibilbidean goreneko puntua da, mutur-muturrerainoko konplexua; aurreko esperimentazio formal guztia barnebiltzen duten hiru artelan dira, zibilizazio gatazkatik sortzen den gai bat irudikatzen ardaztuak2, baina hortik harago joanez: serie berrietan adarrak eratu dira, eta elkarri lotutako emaitza harrigarriak eskuratu. Honako hauek dira aipatutako obrak: La acumulación originaria (gai aldetik La caza de brujas artelanarekin lotua), Las lanzas eta, azkenik, La tregua. Hiru artelan horiek Idoia Montónek Barcelona La Escocesa ekoizpen zentroan aurkeztu zuen banakako erakusketan aurkeztu ziren, eta erakusketa horri buruz Javier Peñafielek testu bat idatzi zuen; testu hori argitalpen honetan sartu dugu, izan ere, berriro diot, funtsezko artelanak baitira.

Puber | Técnica mixta | 69 x 100 x 5 cm | 2015

Nire iritziz artistaren aldi horretako obrarik garrantzitsuena den La tregua hizpide hartuta, gure arteko elkarrizketetan Idoia Montónek obra klasiko baten bertsioa jorratzen zuen. Eta Velazquezen La rendición de Breda obrarekiko erreferentzia nabarmena izan arren, artelan honi begiratzen diodanean Goya etortzen zait burura, izua eta eromena beste inork baino hobeto irudikatu duen pintorea den heinean. Velazquezek errenditze idealizatua irudikatu zuen, Espainiako gortearen propaganda programa barrokoaren ildo berean. Idoia Montónek, aldiz, su-etena irudikatu du, geldialdi bat ikararen baitan, buruzagiek inguruan dauzkaten mamuen armada. Kosmogonia bat, mapa mundi bat proiektatu ahal izateko egitura baten gisa erabiltzen du Velazquezen koadroa; gainera, historiaz, haren inguruan egindako promesaz eta haren zinismoaz hitz egiten da hor, antagonismoen eta baliokidetzen arteko jolas batean. Erreferentzia historiko horiek erabiltzearekin eta artistak eragindako aldaketarekin, alde batetik zoriaren eraginez gertatutako ezinbesteko aldaketen eskuetan bere burua utzita, baina beste alde batetik pinturak margolaria gidatzeak eta hari bidea markatzeak amorratuta, zerbait berria irudikatzera bideratu da, aldaketa ideologiko bat adieraztera, alegia. Gerraren gaia jorratuz, berriro ere esango dut, muturrerainoko kontzentratuta, margolariak barrokoa baliatu du; barrokoa alderantziz gainera itzularazi du, jatorrian gorespeneko eta propagandako estilo-tresna gisa jaio zena, haren edertasunaz harago, dituen balore berezkoak islatuta; XXI. mendeko geopolitikari egindako kritika da, sistema kapitalistaren gainbehera moralean dauden indarkerien kritika. Hirietan, are Europako hiri esparru pribilegiatuetan ere, bizitzak zulatzen eta zanpatzen ari diren desberdintasun dinamikak, alde batetik, eta beste alde batetik, beste aldeko muturrera eramanda, ageriko gerra-testuinguruak, hala nola Siriako gerra, non zauria era esponentzialean irekita dagoen. Egileak kontatu didanez, gaia bere kabuz sortu zen, eta margolari bezala analisi politikorik egin ohi ez badu ere, zalantzarik gabe, badu inguruan duenarekiko begirada konpromisoko bat, eta, interpelatuta sentituz, errealitatea sartu egiten zaio. Beti agertu izan da hori haren lanean. Pertsona arrunta txundituta sentitzen da Siriako bonbardaketen irudien aurrean, zuzenean suntsitzen ari diren herri bat agertzean, inork ezer egiten ez duen izugarrikeria ikusiz. Hor, era autonomoan pentsatzeko modu gisa joka dezake pinturak, arrazoi bidezko eraikuntza izan gabe, argigarria izan daitekeena.

Collage, óleo y acrílico sobre cartón | 52 x 25 cm | 2015

La Tregua lanaren erdian sumatu ezinezko elementu bat ageri da, koadroan gertatzen denaren ia aurkakoa dena nolabait; hurrengo pausoa iragartzen du horrek. Izaera femeninoarekin lotuta aurkezten da animalia-izaera, eta horrek ere indar handia hartzen du beste artelan batzuetan, hala nola Gloriaseko lurzorupea irudikatzen dutenetan edo argitalpena ixten duen Solar obran. Baina, hain zuzen ere, Gerrako seriearen ondorengo bi obretan, diptiko moduan taxututa Bartzelonako Glorias plaza irudikatzen dutela, dragoi-eme fantastiko batzuek euren bizileku bihurtutako lurpe bat agertzen da; izaki horiek naturaren indar latenteak dira, berriro ere nolabait goian, lurrazalean, gertatzen denaren erabat aurkakoak direnak. Plaza hori, lehenengoz urbanizatu zuten unetik, hiriko erdigune neuralgiko berri bihurtzeko asmoz egin zen, baina haren etengabeko eraldatzeek porrot egin dute, batak bestearen atzetik, gaur egunera arte diru publikoa xahutzeko bakarrik balio izan duten obra faraonikoetan nahastuta. Hala behar eta, Kataluniar Glorien Plaza izena du, edo edozein lekutako loria nazionalen plaza. Gaueko koadroan, dragoi-emearen ondoan, pertsonaia femenino bat azaltzen da. Irudikatze horrekin aipamen argia egiten zaio komikiari3, zeina Idoia Montónen pinturaren baitako erreferentzia handietako bat den, bai eta gizarte matriarkal primitiboen inguruko sinbologia mitiko nolabaiteko bati ere4: han, dragoi-emea printzesari lotuta zegoen, izaki bera baitziren biak azken batean. Artelan horietako ikonografiaren konplexutasuna, errealaren eta sinbolikoaren arteko nahasketa, garaikidearen eta mitikoaren artekoa, elkarren artean ispilatzen diren ideia antagonikoen arteko talka orobat, dena batera ikusita, astindu bat eragiten du. Bi pintura horiek lehenengo aldiz ikusi nituenean, guztiaren laburpen eder bat iruditu zitzaidan, bizi ditugun garaien igarle-irudi aurreratu bat, ezkutuan dabilenaren irudia.

Ondorengo obretako paisaia urbanoek, gauean zehar, ilunak eta hondatuak izanik, non pintura ehundura abstraktu bihurtzen den, etengabe jasaten ari garen eta ofizialki dagoeneko inork aipatzen ez duen krisi horren esperientzia egunerokoa dakarkit gogora. Kapitalismo ilunabartar itzaleko baten psikogeografia jakin batzuk dira, baina, hala ere, edertasuna sartu egiten zaie, hormigoi tonak gero eta gehiago gainean jartzen ahalegindu arren. Beste behin ere, pinturak zabaldu egiten du ikusteko atalasea. La fuerza del trabajo lanean langile mundua dago irudikatuta, krisiak eta propaganda demonizatzaileak5 murriztutako indar hori. Baina pinturaren espazio metafisikoetan, mugimendu bat gertatzen da, non ikusezin bihurtua azaleratzen den, leizearen barnealdean irudi bat erakutsiz, harrizko hormek gauza guztiak errebela ditzaketen labar-margoetan bezala. Hemen gaude, laneko indarra gara, dena egoki ibil dadin lortzen dugu, La caza de brujas obraren menpean; hara hor aurkako irudia berriro, edo beste muturrean dagoena, sustraian, lurzorupean, leize barrenean. Gloriaseko pinturetan bezala, diptiko berri bat daukagu, eta hor aurkakoek eragiten dute. La Fuerza del trabajo lanean murriztearen eta demonizatzearen azpian dagoena kapitalismoaren jaiotzako erauzte logika berbera da, ordena aldatzea abian jarri zuena, Silvia Federicik Caliban eta sorgina liburuan hain ongi deskribatu zuen kapitalismoaren hasierako metatzea, gure oheburuko liburu gogokide horretan azaldutako La caza de brujas [Sorgin-ehiza] hori bera. Bi pinturak denbora-zurrunbilo bana dira, sistema kapitalistaren jatorriaren eta gainbeheraren artean.

Acrílico y collage sobre papel | 35 x 28 cm | 2015

Sarritan, erreala eta sinbolikoa banandu egiten dira, bi kontu desberdin izango balira bezala. Baina irudikatzea, irudikatze piktorikoa bereziki, bi esparruak baliatzen dituen tresna eraginkorra da, destilatze-prozesu bat gauzatzen duelako zuzenean erreala denarekin eta horri buruz pentsatzen edo sentitzen dugunarekin. Idazteko arau oinarrizkoak dira egia den zerbait esan nahi duen edozeinentzat. Gogoko dut errealak Idoia Montónen pinturan duen presentzia: krisia, gerra, azken batean, kapitalismoari kritika. Baino are interesgarriagoa iruditzen zait errealitatea sublimatzeko duen modua. Erreala irudikatze bihurtzeko arteak duen gaitasun hori. Benetan zaila da ikonografia propioa sortzea, pinturaren bitartez ikusteko modu bat eskaintzen duen errepertorio sinboliko bat, alegia. Esate baterako, oso nabarmenak diren elementuak daude hor: mugimendua, animaliatasuna, garroak izatea, forma bigunak eta harpe ilunak. Guztiak ere ernetzeko latentziari dagozkion elementuak dira, eta nolabait adiskidetzekoa den ideia batekin lotuta daude: edertasuna, bizitza, sartu egiten da azkenean zirrikituetan barna, are edukiontzietatik irtenda badator ere, gerta ahalak gertatuta ere.

Liburu honetan biltzen den azken seriean oso nabarmena da, hiri organikoak, totemikoak eta, berriro, jabe jakinik gabeak balira bezala; gainera, gama kromatikoa guztiz aldatzen da, zientzia fikziotik hurbilago dagoen beste unibertso batean barneratuz, bizitzak jarrai dezan izan daitezkeen etorkizunetako formak imajinatuz. Eta erabat logikoa da: sistema bat gainbeherako6 eta eraisteko fasean dagoenean, etorkizunean pentsatu beharra dago. Donna Harawayk7 dioen bezala, ikusteko metafora beste esparru batzuetan aplika daiteke; argitze uneak dira.

Idoia Montónen langintza osoan, beharbada horixe da interes handiena eragiten didan elementua: abiapuntu berri bat etengabe bilatzea eta estilo edo formula errazari uko egitea. Bai Ocaso margolanarekin eta bai 26668 obrarekin ere badirudi ikuspuntu estilistiko batetik erabateko jauzia egiten duela. Hala ere, nire iritziz generoaren gaia ikuspegi futurista batetik jorratzen duen diptiko honetan badago muturreko koherentzia bat, erauzte-hirigintza, lanaren indarra eta sorgin-ehiza elkarren artean josten dituena. Dena elkarri lotuta dago, eta egilearen asmoaz harago ari zaigu xuxurlaka. Krisia, gerra, haitzuloak eta garroak, beltzera itzaltzeak, orobat dira elkarren artean hitz egiten duten mekanismo hutsak, gure egunerokoaren irakurketa aktibatzeko, gure antzinako memoria atabikoarekin lotuta, urrun eta atzean, gure jatorriko animaliatasunera arte.

El paso de las dos hermanas margolanean, Euskal Herriko Lautadaren eta isurialde atlantikoaren artean muga geografikoa markatzen duten bi haitzak Bartzelonako sarrera bateko bidegurutze urbanoarekin uztartu dira. Pasabidearen, atearen edo atalasearen ideiari buruzko koadroa da, muga zeharkatzen duzunean gertatzen denari buruz ari da. Erremate aparta iruditu zait argitalpen honentzat. Atalasean bertan bizi da Idoia Montón, eta etengabe zeharkatzen du. Duela gutxi izan dugun elkarrizketa batean aipatzen zidanez, orain bilatzen duen edertasuna finagoa da, abstraktuagoa, existentzialagoa, askeagoa, eta hark asmo hori adierazteak narama, hain zuzen, pinturaren aurrean darabilen askatasunari merezi duen balioa ematera, oraindik orain artearen merkatuan nagusi diren neoakademizismoen eta formalismo kontzeptualen loturetatik askatuta. Izan ere, ideia finkoak desegitea da artearen funtzioetako bat, eta berriak jaiotzeko mekanismoak sortzea, esate baterako surrealistek egin zuten moduan. Iraultzarako asmo nabarmenarekin jaio ziren abangoardia artistikoen porrotaz hitz egin ohi da, baina erabat ahitu baino lehen munta handiko eginkizuna bete zuten: hizkuntzak garbitu egin zituzten, aurreko mendeko protokolo korapilatsuak eta itxurakeriak baztertuta, ibili ahal izateko moduko bidezidor aratzago eta askeago bat zabalik utzita. Geure buruari buruz hobeto pentsatzeko edozerk balio digu, edozein atek, edozein erreferentziak, edozein adierazpen-baliabidek.

Collage sobre soporte plastificado | 49 x 40 cm | 2015