Rosa Queralt
Errealismo terminoak askotariko esanahiak ditu
eta izen bera eman zaie autore ezberdinei historiako momentu desberdinetan. Eta errealismoaren zein kontzeptutara bideratzen ditu bere urratsak Idoia Montónek? Bere posizioa, ez apriorizkoa, bere lana aztertu dutenek ondoren argitutakoa baizik, eta bi iturburuak banatzen dituen mende eta erdiko distantzia alde batera utzita, Gustave Courbetenaren gertukoa izango litzateke. Oriol Font ere horretaz jabetu zen Museu Nacional d’Art de Catalunya-n Ornanseko margolariaren erakusketa kontenplatuz, eta honek Autorretratos, paisajes, la muerte, la kasa y dos ciudades viejas (Autorretratuak, paisaiak, heriotza, etxea eta bi hiri zahar) (2013) egitea bultzatu zuen; sortzaile biek eskainitako bere bizi- eta emozio-ingurunearen irudien kateatu bideografiko bat. Errealismo formaletik urrunduta, gizartekoa eta banakakoa, unibertsala eta partikularra elkartzen dute eguneroko gaiak pinturara txertatzean, edertu, idealizatu edo poetizatu gabe, aurreiritzi gabeko behaketatik sortzen den egiatasunaren bitartez konbentzionalismoak deseginez eta premisa etiko batzuk gehituz.
Bilbo inguratzen duten toki industrial haien eta hauetan bizi diren eta pinturari dagokionez beregan eragin berezia duten izakien errealitate nabari eta prosaikoaren pasarte jarraituak eskaini nahi dute artista euskaldunaren eraikuntzek. Izan ere, badaki margolanaren indarra pinturan bertan dagoela gaian baino gehiago. Horregatik ahalegintzen da koadroaren egitura zaintzen, teknika lortu nahi duen helburuaren zerbitzura egotea lortzen eta askatasunaren jardueran koherentea izaten, nahiz eta aldizka gurutzatzen dituen zubiek muturreko heterogeneotasun sentsazioa eman dezaketen.