Papiroflexia, collageak edo moztutako paperak bezala
definitu dira artistak bere Bilboko tailerrean bakartzen denean (1991) egiten dituen hurrengo lanak, nahiz eta kontzeptualki eta teknikoki lehenengo proposamen hauek Matisseren cut papers-etatik gertuago egongo liratekeen, collage kubista edo dadaisten edo Origami klasikoaren pilaketa eta aldiberekotasunetik baino. Izan ere, paper tolestuzko elementuak urri samarrak dira, eta aldiz, faktore nabarmen bezala agertzen da Clement Greenbergek pintura-eremukotzat jotzen zuen izaera laua (ez dago erlieberik eta sakontasunik, azala baizik) azpimarratzen duen espazio baten sorkuntza.
Eskultura-entseguen denboraldi baten ondoren, forma lauen berezko joerak margolaritzara itzultzea birplantearazten dio, ebakitako paper eta plastikoak erabiliz, batzuetan grapekin egurrera josita. Hauek oso adierazkorrak diren esparru kromatiko homogeneo handiak kontrastatzeko bidea ematen diote – kolore bakoitzak atmosfera jakin bat darama bere baitan –, baita irudikapen ilusionista eta lautasunaren inguruko eztabaidan murgiltzeko ere.
Bere helburuekin bat datorren teknika bat aurkitzeaz geroztik, zenbait margolanetan lanean hasten da, gaiari dagokionez elezahar eta parabolaren bide-erdian, fantasia eta metaforaren artean, forma sinple eta eduki anbiguoetatik abiatuta: pertsonaiek estualdiak edo muturreko egoerak igarotzen dituzte amiltzean, erortzean, buruz behera edo zintzilikaturik egotean, baina haurrentzako ipuinetan bezala – hauexek baitira irudi hauen iturri – itxurazko fikzioaren tratamenduak gertakaria baretzen du eta kutsu ia poetikoa ematen dio.
Text by Rosa Queralt